Arizmendiarrieta

HOME / BLOGA, ALBISTEAK ETA IRITZIAK /

Sartzeko formularioa

Oraindik erabiltzailea ez bazara,
erregistratu.

Bloga Albisteak eta Iritziak

abu 05

Kooperazio ekonomia. Carlos García de Andoin y Javier Retegui

KOOPERAZIO EKONOMIA

Arizmendiarrietarenak aro-aldaketaren garaiak dira. Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, Europako garapen sozial, ekonomiko eta politikoaren oinarriak krisian sartu dira globalizazio, iraultza teknologiko eta aldaketa kulturalaren zaldi gainean. Hitzarmen hura, zeinek postulatzen zuen merkatu-ekonomia eta estatu sozial erregulatzailea eta berbanatzailea, zabuka hasten da, XIX eta XX. mendeko estatuak ahuldurik geratu diren unetik, merkatu globalaren indarrak direla medio. Aldakuntza aldietan ezinbestekoa da sormena, antolakuntza sozial eta ekonomikoaren oinarri berriak pentsatu eta eraikitzeko. 

Norabide guztietan ari dira hedatzen aldakuntza-haizeak, alde etikoa barne, non paradigma teknokratikoak eta indibidualismoak txepeldu duten konpromiso komunitarioa. ‘Betiko erlijioei’ ere erasan die horrek, zeinak transmisio-krisian dauden gizarte plural eta post-sekularretan.

Testuinguru horretan, behar-beharrezkoak dira beren indarrak mundu jasangarriaren alde –giza duintasuna aintzat harturik– batuko dituzten gobernamendu globalerako instituzio politikoak. Herrialde guztiek, ideologiek, erlijioek eta pertsonek konpartituriko ideal handia da Giza Garapen Integral eta Jasangarria. Indar mobilizatzaile eta operatibo izugarria du ideal horrek. Hau da munduko komunitate katolikoaren konpromisoa ere.

Ez da aski eskala handian jardutea, beharrezkoa da bakoitza bere inguruan saiatzea ere. Hau zioen Arizmendiarrietak: “Lanturik ez, ekintza baizik”. Etsitzen ez duen espiritu horrekin jantzirik eta erantzun praktiko transformatzailez hornituak gaude Arizmendiarrieta Kristau Fundazioa osatzen dugun pertsonok. Sinesten dugu hiritarren konpromisoan eta gizarte zibilaren subjektibitatearenean. Konbikzio hau da gurea: pertsona komunitatean –enpresan, mugimendu sozialetan, instituzioetan, komunikatzeko trebakuntza eta gaitasunarekin, gizadiaren historian lehenengo aldiz, eta lan kooperatiboarekin konpromiso transformatzailea asumiturik–, gai da aurre egiteko eta egokierak baliatzeko, mundua eraiki dezan Giza Garapen Integral eta Jasangarriaren ikuspegitik.


1. Kooperazio Ekonomia

Arizmendiarrietak ez zuen mugatzen bere desira kooperatibak sortu eta hedatzera. Kooperazioa, harentzat, zen pertsonak, komunitatean elkarturik, parte hartzea prozesu ekonomiko eta sozialean, bere transformaziorako. Transformazio sozial eta ekonomikoaren sinonimo zen kooperazioa.

Honek definitzen du Kooperazio Ekonomiaren proposamena: kooperazioaren dinamismo transformatzailea bultzatzeko asmoak, Arrasate-Mondragoiko esperientzia kooperatibotik hasita, baina enpresa-talde eta sozietate-formula kooperatibistaren gainetik.

Arrazoi bat baino gehiago dira proposamen hori komenigarritzat hartzeko:

a) Kooperazio terminoa Arizmendiarrietari lotua dago, karisma arizmendiarrietarrari. Hori da kooperatiba inspiratu eta kooperatibei forma ematen dien arrazoia.

b) Kooperazio Ekonomiak honako errealitate sozial eta historiakoaren aurrean ipintzen gaitu: Arrasate-Mondragoiko Esperientzia Kooperatiboaren aurrean, nazioartean errekonozituriko erreferente praktikoa delarik. Erakarmen-gaitasun handiko proposamena da zeren denborak, dimentsioak eta inplantazioak bikain baieztatzen dute, egintzekin noski, balore humanistetan ardazturiko enpresa sozialaren esperientziaren balio ekonomikoa.

c) Kooperazio Ekonomia kooperatibismoa baino gehiago da; aipatzen ari da egungo sistema sozio-ekonomikoaren transformazio- eta berritze-bektorea. Hartu behar da, jakina, ekonomiari, enpresei eta gizarte osoari eragiten dion bektore moduan.

Arizmendiarrietaren proiektuak jarraipena eta bultzada behar ditu, jomuga berriak ezarri behar zaizkio, honako hau bezalakoak: Kooperazio Ekonomia, alegia, ideologia diferenteko pertsonak –kristauak ala ez– eta pertsonaren duintasunaren araberako enpresa eta ekonomiaren bila dabiltzan instituzioak eta entitateak inspiratu ahal izateko. Arizmendiarrietak berak ohartarazi gintuen bere proiektuaren adaptazio-premiaz: “kooperatibismoak hartu duen noranzkoa ez da estatikoa baizik eta adaptazio-esperientziaren prozesua”.

2. Inspirazio antropologiko arizmenditarra

Arizmendiarrietaren pentsamendu kooperatiboa, inolako zalantzarik gabe, antropozentrikoa da. Ideal kooperatiboa humanismo integralarekin identifikatzen du. Uste du kooperazioak bide ematen duela pertsona bere duintasunaren arabera errealiza dadin eta ekonomiaren gizatiartzea ipintzen du helburutzat.

Kooperazioa, Arizmendiarrietarengan, antropologia kristauan oinarritzen da. Hain zuzen, kristau fedea berdintasun eta askatasunaren humanismorik sakonenarekin identifikatzen du: gizakiaren gaineko ideia pertsonen arteko berdintasunari buruzko kontzientziaz betea; eta leinu, aberastasun edo boterearen kontrakoa, hauek desberdintasunaren iturri baitira. Berdintasunaren kontzepzio horrek ematen du konfiantza langileen gaitasun transformatzailean “pertsonen duintasunari erantzukizunik handiena eta begiramenik handiena eskainiko dioten formulak eskuan hartuta”.

Kooperazioa, Arizmendiarrietarengan, gizakiaren kontzepzio jakin batean oinarritzen da, ez indibidualismo bezala, baizik izaki libre eta arduradun moduan eta, aldi berean, izaki sozial, komunitario eta solidario gisa. Bakoitzaren patua, destinoa, beste guztienarekin uztartua dago. Izate modu hori da kooperazioaren hiru kontzeptu klaberen argudioaren oinarria: batasuna, solidaritatea eta partaidetza.

a) Batasuna: “langileak, banaka harturik, ezbairik gabe, ahuldadez josiak daude, baina elkartuta ahalmen izugarria dute”.

b) Solidaritatea: “hori da klabea eta, nahi baduzue, baita bizi sozial osoa iraul lezakeen sekretu atomikoa ere”

c) Partaidetza: “egungo iraultzak partaidetza du izena”. Kooperazioa elkarlanerako deia da.

Giza lanaren kontzepzio positiboa da Arizmendiarrietaren pentsamendu antropologikoaren alde indartsua. Biblian, Jainkoaren zigorra zen lana, jatorrizko bekatua dela bide; Arizmendiarrietarentzat grazia da, gizakiari Jainkoak ematen dion dohaina, kreazioaren egintzan Bere laguntzaile bihurtzen du, opari hori egiten dio. Horrela, lana, alde batetik, komunitateari egiten zaion zerbitzua” da, eta baita “pertsonak bere burua landu eta garatzeko modua ere”.

3. Ideia onak dira ekintza bihurtzen denak

Dena dela, Arizmendiarrietaren ezaugarri esanguratsuenak ez dira teorikoki formulaturiko oinarri antropologiko horiek, baizik bere txertatze-dinamismoa, ekintza praktiko bihurtzen dituelarik eta instituzioen sortzaile ere bai, eta hauek iraupen luzea izango dute. Jakin zuen, ondo jakin ere, kontzepzio humanista hori kooperazio- eta solidaritate-erakunde bihurtzen, zeinek heltzen dien gizarteko hainbat alderdiri: enpresa industrialak, finantza-entitateak, hezkuntza-zentroak, entitate zientifiko-teknologikoak, unibertsitateak, eta abar, ezen osatzen baitute egitura edo sare instituzional bat kooperazioko boluntarioei esker funtzionatzen duena, bokazio komun berari erantzuten diotelarik.

Arizmendiarrietaren Kooperazio Ekonomiaren proposamena postulatu humanistekin uztartua dago, pauso bat gehiago ematen ahalegindu nahi du, kooperazio-proposamen berrietan murgildurik, orain arte ikusi gabeak eta gutxi ezagutzen direnak.

Arizmendiarrietak enpresa kooperatiboa garatu zuen (pertsonen arteko kooperazioa) eta, apurka-apurka, kooperazio-eremu mistoetara zabaldu zuen, non parte hartzen zuten pertsonek eta entitateek (irakaskuntza, ikerketa, finantza-mundu, kontsumo, eta abarrek). Errealitate horietatik abiaturik hasi zen oinarriak ezartzen elkarlanerako, kooperatibisten artean –batez ere bera hil ostean garatu zen–, hitzarmenen bitartez auzo-taldeak, talde sektorialak eta elkar-kooperazioko beste instituzio batzuk osatzeko. Hori dena oinarri homogeneoen gainean egin zen, eta denek onarturiko printzipio kooperatiboei atxikirik.

Kooperazio Ekonomiak, egungo egoera ekonomikora egokiturik, aurrera egin nahi du pertsonen eta jatorri, filosofia eta izaera juridiko diferenteko entitateen arteko kooperazioan, kolaborazio bateratua bultzaturik, gure gizarteek dituzten erronka sozio-ekonomikoen aurrean. Kooperazioaren printzipioak ez dira ahitzen enpresa kooperatiboen formulazioarekin eta bidea irekitzen dute orain ezagutu ere egiten ez diren hainbat forma diferente garatzeko, non ikusi ahal izango diren beren bertuteak. Esperientzia kooperatiboak demostratu du postulatuen balioa, baina horiek eremu ez-kooperatiboa moldatzeko, beharrezkoa da proposamen berriak garatzea.

4. Kooperazio Ekonomiaren printzipioak

Kooperazio Ekonomiak soluzio praktikoak aurkitu nahi ditu, eta bizi ekonomikoa transformatzeko prozesuak artikulatu, borondatezko ‘kooperazio-sareak’ ipinirik pertsona, eta enpresa eta entitateen artean. Gizarte zibilak bultzaturiko ahalegin komunitario eta kooperatiboa da, etorkizunari aurre egiteko, elkarlanaren konplizitatean, xede eta bide horretan behar den protagonismoa onarturik.

4.1. Pertsona: aurrerabide ekonomikoaren subjektu, erdigune eta xede. Ikusmolde humanistan, pertsona da eraketa sozialaren eta aurrerabide ekonomikoaren subjektu, erdigune eta xede. Baieztapen horrek pertsona bihurtzen du arduradun eta protagonista, eraketa sozial eta ekonomikoaren subjektu aktibo izango delarik.

Pertsonak protagonismoz jarduten du komunitatearen testuinguruan txertaturik; komunitate horrengandik jasotzen du euskarria eta horrek eskaintzen dizkio bitartekoak etorkizuna eraikitzeko. ‘Pertsona-komunitatea’ binomioa da, beti, erakunde sozial ororen abiapuntua.

Hauek dira komunitate baten benetako aberastasunak: pertsona, bere prestakuntza, identifikazio komunitarioa eta protagonismoa. Hori du ardatz aurrerabideak eta horrek bermatzen du garapena. Azkeneko hamarkadetan, lehen inoiz ez bezalako aldaketa historikoa ikusi dugu: giza adimenaren lantze sistematikoa, egundoko garapen-gaitasuna eragin duelarik. Komunitate kontziente ororen funtsezko eginkizuna da potentzial horri irtenbidea ipintzea.

Pertsonaren duintasunak eta askatasunak esan nahi dute komunitate osoak saiatu behar duela pertsona guztientzat bermeak ezartzen: prestakuntzan aukera-berdintasun erreala ezarri, bakoitzak ahal dezakeen neurriraino; lana egiteko eskubidea, bere potentzialak eta bizi duin baterako bitartekoak garatu ahal ditzan; osasun unibertsala izateko eskubidea, inolako bereizketarik gabe, arraza, kredo eta baldintza ekonomikoengatik. Esan dezagun dela giza garapen integral eta jasangarria, ingurumenarekin orekan, eta hurrengo belaunaldiekin solidario.

4.2. Lehiakortasuna eta aurrerabide ekonomikoa. Gero eta globalizatu eta irekiago dagoen merkatu-ekonomiaren testuinguruan gertatzen da Jarduera ekonomikoa, eta beharrezkoak dira ajuste, erregulazio- eta banaketa-mekanismoak, baina ez da aurreikusten inolako sistema alternatiborik epe ertainera. Marko ekonomikoa da garrantzizkoa, askatasun eta erantzukizunean oinarrituko den markoa.

Helburu klabea da enpresen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta aurrerabidea lortzea, hori gabe ez dago heltzerik proiektu sozial handiagoei. Aberastasunik sortu ezean ez dago banaketarik, miseria baizik. Aberastasuna sortzea bada enpresen egiteko nagusia, gizarte osoaren ahalegina ere horixe da, batik bat bere instituzioena. Garapen ekonomikoa eta enplegua, horra bi gauza txit inportante gizartearentzat, eta ez dira ulertu behar komunitate sozialetik at. Komunitate osoa da garapen ekonomiko erregionala bultzatu behar duena eta denek arduratu behar dute horretaz.

4.3. Lurraldearekiko lotura eta protagonismo komunitarioa. Elkarren arteko kooperazioak zentzu osoa hartzen du enpresak eta instituzio ekonomikoak, bultzatzen dituen lurralde eta komunitatean ondo sustraitzen direnean. Merkatu globalizatuan, bizi ekonomikoak, maiz asko, lurraldearekiko etena dakar, eta benefizioa lortzea baino ez dute pentsatzen, etekina espekulazioaren bidez edo momentuko lehian abantaila, epe luzerako konpromisorik eta bizirik eusten dien komunitatearekin erlaziorik gabe. Entitate ‘aberrigabeak’ dira, lurralde eta komunitateekin loturarik ez dutenak.

Kooperazio Ekonomiak nahi du pertsona, entitate ekonomiko eta instituzio sozialek elkarrekin lan egitea, lehiakortasuna lortzeko komunitatearen aurrerabide sozialaren marko barruan. Finkapen sendoa duten entitateak dira, eta lurraldean integraturik aurkitu nahi dute lehiakortasunaren garapenerako behar duten indarra.

Planteamendu horretan ez dago ekonomia itxiaren konnotazio protekzionistarik. Bizi ekonomikoa munduan zehar mugitzen da, eta nahitaezkoa da joko-arauak kontuan hartzea. Merkatu irekian kokatzea, berrikuntzan lehiatuz, guztiz bateragarria da lurralde jakin batean sustraitzearekin eta merkatu protekzionistaren antitesia.

4.4. Garapen jasangarria, berdintasunezkoa eta inklusiboa. Aurrerabide ekonomikoa ez da posible generoen arteko berdintasunik gabe. Kooperazio Ekonomiak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatu nahi du: lana lortzeko, prestakuntzan, soldatan, enpresako partaidetzan eta boterean eta lan-baldintzetan.

Ezinezkoa da jasangarritasuna, bestalde, gizakiaren aldetik natura menderatu eta esplotatuz, baliabide mugatuak intentsiboki esplotatuz eta hazkunde-eredu honen ingurumenarekiko eragina kontuan hartu gabe, itzulezintasunean galdu arte.

Behar-beharrezkoa da kooperazioaren dimentsio berria, ez bakarrik pertsonen artean, ezta soilik kapitala eta lanaren artean ere, baita gizakiak eta ingurumenaren artean ere. Egungo eredua ez da unibertsalizagarria, gainera epe motzeko begiez ikusia dago; horrek, nola ez?, gogor erasango die biharko belaunaldi berriei, beren premiak asetzeko orduan. Kooperazio jasangarria.

Gaur egun, ez dago ulertzerik ekonomia gizatiarra eta lehiakorra karbono-emisioak murriztu gabe eta baliabideak egoki erabili barik. Problemari bi aldetatik heldu behar zaio: dimentsio sozialetik eta dimentsio ekonomikotik. Ekonomia zirkularra, honetan oinarritua: kontsumo txikiagoa eta aprobetxamendu handiagoa eta birziklapena. Ekonomia berdea ez da posible termino dualetan, alegia pertsona eta kapitalaren arteko erlazioan, baizik triangeluarrean: pertsona-kapitala-ekosistema.

Komunitatearen eremuan presazkoa da bizi-estiloak aldatzea: lehengaien kontsumoa murrizteko, energiaren kontsumoa murrizteko eta inguru naturala errekuperatu eta konpatible egiteko esplotazio arrazionalarekin. Jarduera ekonomiko tradizionalean eta tokian tokiko dimentsiodunean edo erregionalean, nahiko oreka onargarria izan da natura eta baliabideen esplotazioaren artean. Naturak komunitateari eskaintzen zizkion baliabideak eta horien esplotazioak lagundu egiten zion naturaren orekari.

4.5. Komunitate ekintzaile eta saiatua. Kooperazio Ekonomiak baldintza onak eskaintzen ditu Herri proiektu estrategikoak lantzeko, bestela ezinezkoak liratekeenak entitate isolatu eta bananduentzat. Batasunak indarra dakar eta esfortzuari ez zaio ukorik egiten balore konpartituen markoan.

Herri proiektu estrategikoak benetako erronka dira entitate inplikatuentzat; aurrerapen ekonomiko, teknologiko eta organizatibo handiak eragiten dituzte, eta posible dira soilik osagarri diren entitateen kolaborazioaren bitartez.

Nahiz eta adierazpen etiko asko egin Kooperazio Ekonomiaren alde, ez dute efikaziarik izango harik eta elkarlana eskatzen duten proiektu handiak planteatu arte. Baziotsan Arizmendiarrietak: “Kristala existituko ez balitz, asmatu egin beharko litzateke, hainbesteko esfortzu zientifiko-teknologikoa eragin baitu”.

Proiektuen diseinua eta proposamena etor daitezke enpresetatik, enpresa-taldeetatik, klusterretatik, eta abar, baina beharko du partaidetza kooperatiboa unibertsitate, ikerketa-zentro, entitate finantzari eta entitate publikoen aldetik. ‘Ekonomia sozialean’ diharduten entitateen aldetik ere plantea daitezke soluzioak ditugun esklusio-problema mingarriei aterabidea emateko, entitate askoren ekintza bateratuaren bitartez.

5. Kooperazio Ekonomiaren ekintzarako bektoreak

Kooperazio Ekonomiak zimenduak pertsonarengan eta zentzu komunitarioan finkatzen ditu. Ez dago eraikitzerik etorkizun konpartiturik pertsonaren duintasuna aintzat hartu gabe, eta pertsona komunitatean txertatu gabe. Pertsonaren sentimendua nolakoa, bere portaera komunitarioa halakoa.

Hasiera-hasieratik garatu nahi ditugu lan-eremuak izendatzen dituzten sei bektoreak non konkretatzen den ‘kooperazio ekonomia’.

5.1. Kooperazioa hiritarren jardunbide moduan. Komunitatean ari dira agertzen –oraindik modu apalean– jarduera ekonomikoa sortzeko mugimenduak, ondasun eta zerbitzuen trukea bultzatzen dutenak, bitartekarien parte-hartzerik gabe.

Kooperatiben tradizioan, adibidez, kontsumokoetan, esaterako, Rochdale-n, jarduera ekonomikoa sortzeko pertsonen erabakia, hiritar moduan eta ez enpresa gisa, kooperatibismoaren oinarrizko dimentsioa da.

Kontsumitzaileen kooperatibek izan litzakete gaur egun formula berriak, iraultza digitalari esker. Hiritarren jardunbidea ez da bakarrik izaten eremu politikoan, baita ekonomikoan ere, ondasun, produktu eta zerbitzuen trukaketan... Elektronikarekin erlazionaturiko teknologia berrien garapenak eta Komunikazioak kooperazio zuzenerako posibilitate berriak ireki dituzte, pertsonen artean. Alferrikako bitartekariak kentzean, hobetu egin da efizientzia zerbitzu jakin batzuen prestazioan eta erlazio pertsonal eta gizatiarragoa ahalbidetzen du.

Izan litezke hiritarren kooperazio zuzenaren garapenari eragiten dien jarduerak: baratze ekologikoak eta horiekin erlazionaturiko kontsumitzaileak, ibilgailu konpartituak, zerbitzu espezializatuen trukaketa zuzena, etxebizitzen trukaketa tenporala, eta beste ekimen batzuk; komunikazio-teknologiek eta sentimendu komunitarioarekiko identitateak asko errazten dute hori

Oraindik erabat ‘lumatzeke’ dagoen area da, hasi berri-berria; interesgarria izango litzateke munduko beste herrialde batzuetan ematen ari diren pausoak ezagutzea, baita beste toki batzuetan inplantaturik dauden esperientzia arrakastatsuenak gure artean sustatu eta garatzea ere. Behatze- eta sustatze-prozesuko jarduerak.

5.2. Kooperazioa enpresan: eredu inklusiboak eta parte-hartzaileak. Pertsonaren oinarrizko premien eta espiritu komunitarioaren sustapenaren atentziotik hasirik, gure testuinguruan, benetako eginkizuna da ekonomia aurreratua eta lehiakorra lortzea; pertsonaren partaidetzan eta esfortzu komunitarioan aurkituko dugu lehiakortasunaren elementu bereizgarria. Enpresei babesa eta bultzada emanez lehiatzen da komunitatea; horrela, merkatuan sartuko dira gainerako instituzioen laguntzarekin.

Kapitala eta lanaren arteko borrokak murriztu egiten du pertsona langilearen partaidetza enpresan, hau (enpresa) bere interesen kontrakotzat harturik. Bere partaidetza lan-esparrura mugatzen da, protagonismo handirik gabe.

Gaur egungo enpresak behar-beharrezkoa du langileen partaidetza, beren ahalik handiena eskaintzen baitiote proiektu konpartituari zeinekin identifikaturik sentitzen diren. Kapitala eta lanaren arteko kooperazio-eredu anitzen bilaketa –efikazia eta humanismoa uztartuko dituen eredua– zorrotz heldu beharreko egitekoa da.

Digitalaren aro berriko zientzia eta teknikaren bilakaerak posibilitate berriak plazaratu ditu, non enpresa dagoen langileen ezagutzaren ekarpenaren mende. Ikerketa eta berrikuntza-prozesuak dira arrakastaren ardatza. Garapen profesional eta humanoa nahitaezko helburua da epe luzerako proiektua egin nahi duten enpresentzat. Munduko merkatuan arrakastaz lehiatzeko, enpresen indarra honetan datza: kapitala eta lanaren arteko kooperazio-baloreetan.

Langileen partaidetzak mila bertsio izan ditzake, burutzen den jarduera-motaren eta parte-hartzaileen borondatearen arabera. Enpresaren estrategia, helburu eta egoeraren ezagutza konpartitze hutsetik hasi eta langileek kapitalean parte hartzeraino edo enpresaren ardura langileek berek hartzeraino, kapitalaren gainetik.

Gure kasuan, badugu oso mugimendu kooperatibo aberatsa eta, bereziki, Arrasate-Mondragoiko Esperientzia Kooperatiboa, munduan erreferen dena. Hor dago, bestalde, Sozietate Anonimo Laboralen esperientzia arrakastatsua ere, testuinguru europarrean aski nabarmendua. Eredu inklusibo eta partaidetzazkoak dira, eredu tradizionala moderatu edo ordezkatu dezaketenak –zeinek zailtzen duen lehiakortasuna– beste kooperazio-eredu batzuengatik non ardurak konpartituak diren.

Enpresa konbentzionalentzat eredu inklusibo eta partaidetzazkoa egokitu gabe, oso zaila da ‘kooperazio ekonomia’ ezartzea enpresa barruan. Enpresan kooperazio eta partaidetzaren kultura sustatu, aplikatu eta hedatzea nahitaezko kate-maila da proposatzen den eredu sozio-ekonomiko berriarentzat.

5.3. Kooperazioa inklusio sozialerako. Badira errealitate zinez mingarriak munduan, gizakiaren duintasunarekiko errespetua zalantzan uzten dutenak. Mendebaldeko gizarteetan (eta horien artean gurean), hezkuntza- eta osasun-eskubideetan asko aurreratu da, baina problema handiak daude pertsonek lana aurki dezaten, batez ere beheko mailan, prestakuntza eskasa dutelako, eta lan-sistematik kanpora geratu dira, itzultzeko esperantzarik gabe; noizik behin lanen bat sortzen bazaie, hura oso iraupen laburrekoa izan ohi da. Kolektibo horri eransten baldin badizkiogu immigraziotik datozenak –paperik eta eskubide sozialik gabeak–, problemak dimentsio estrukturala hartzen du.

Betor azkar ikuspegi berria. Inbertsio soziala, hau da, inbertsioa politika sozialean eta hezkuntzan, ez gastu moduan, baizik produktibitate-faktore gisa.

Entitate asko badira ere gizarteratze eta inklusio sozialerako jardueretan ari diren enpresak bultzatzen dituztenak, ez dira aski dauden premiak kontuan hartuta.

Paraleloki, merkatuko legeek zenbait jarduera selekzionatu dute, garai batean bizi sozialaren sostengu ziren lan-moduak ebidentzian utzirik. Ekonomia tradizionala (hurbilekoa, komunitarioa eta auto-nahikoa) desagertu egin da, eta dimentsio globaleko ekonomiak ordezkatu du. Aldaketak zera dakar: baliabideen abandonua, desberdintasun soziala eta esklusioa. Gaur gure artean bi mundu paralelo bizi dira: ekonomia garatu eta lehiakorrekoak eta subentzioen bidez irauten dutenak; iraun, baldintza oinarrizkoenik ere gabe.

Ikuspegi komunitariotik, egoera analisi berriaren premian dago, baliabide material baliosak baztertu baititu eta subsidio eta subentzioen bidez eusten dio populazio marjinatuari; egundoko xahuketa ekonomikoa izateaz gain, gizalegeari dagokionez lotsagarria da.

Litekeena da, eraketa-modu berrien bidez eta teknologia aurreratuen erabilpenari esker, jarduera ekonomikoa errekuperatzea eta bazterturiko baliabideak berrerabiltzea. Ona izango litzateke, horretarako, gizarteak esfortzu bateratua egitea, eta erakunde publikoek, irabazi asmorik gabe, sektorean lan egiten duten entitateak zinez sostengatzea. Esfortzu bateratua, ahal izan dadin, hasierako bultzadatik bertatik, lehen bazterturiko sektoreak, ohiko jarduera ekonomikora itzularaztea.

Hirugarren sektoretik artikulatzen dira beste sektoreen kolaborazioak, kooperazio-prozesuak sortuz, jarduera ekonomikoa errekuperatzeko eta populazio zaurgarrienarentzat enplegua sortzeko.


5.4. Elkarrekiko kooperazioa: enpresen arteko kooperazioa. Enpresen arteko kooperazio-modalitateen artikulazioan aurkitzen da lehiakortasunaren alderdi inportante bat. Funtsezko baldintza, komunitate jakin bateko enpresei eusteko. Kooperazio-lotura libreen bidez, enpresek hazi egiten dute lehiarako gaitasuna eta sendotu, berriz, erregio bateko enpresa-esparrua; noski, enpresa atomizatuen egoera alderantzikoa da; hauek bakarrik, isolatuki, egin behar izaten diotelarik aurre konpetentziaren gogorrari, desagertzeko begi-bistako arriskua dute.

Kooperazioak erruz laguntzen du enpresen neurri txikiak eta bakarrik lehiatu beharrak dakartzaten problemak gainditzen, efikazia indibiduala eta lehiakortasun kolektiboa gehitzen duten sinergiak sorturik. Enpresak lehiakortasun globalera moldatzeak eskatzen ditu aldaketa estrukturala eta enpresa tradizionalaren jomugak zabaltzea.

Enpresa multinazionalek besteak hartzeko alternatibaren aurrean, badago beste alternatiba hau ere: erregio batean gogor finkaturiko enpresen kontsolidazioa, kooperazio-hitzarmenen bitartez indarturik, merkatuan arrakastaz lehiatzeko moduan. Enpresen sare erretikularra ezartzeak sendotasuna ematen dio sistemari eta asmo komunitarioekin uztarturik geratzen da.

Elkar-kooperazio eredu esperimentatu asko daude eta arrakastaz funtzionatzen dutenak. Hasi afiliazio hutsa baino eskatzen ez duten entitate-euskarrietatik –zeinek ez duten parte handirik hartzen enpresaren funtzionamendu eta barne estrategietan–, lagungarriak diren kooperazioetaraino eta, agian, efikazia ere baldintzatzen dutenak. Azken hauen artean, lau eredu bereiz ditzakegu; merezi du estudiatzea eta aplikatzea:

• Elkar-kooperazio kooperatiboaren eredua, hitzarmen borondatezkoetan ardazturiko korporazioak osatzera iritsi arte. Izan lezake bere balioa kapitalaren nagusigoan oinarrituriko enpresetan.

• “Kluster” eredua: elkarrekin erlazionaturiko enpresa-saila; estrategia bateratuak erabili eta merkatuan ere batera. Oso kontrastatua dago eredu hori, garapen potentzial izugarria du.

• Enpresa-taldeen eredua. Ezagutzak konpartitzen dituzte, eta elkarri lagundu, progresiboki euskarri zerbitzu komunak sortuz (Ner Group eredua)

• Bailara mailako estrategiarako ereduak, enpresak, hezkuntza- eta ikerketa-instituzioak batzen dituztelarik, analisirako eta estrategia konpartituen ezarpenerako (Azaro, Goieki, eta abar)


5.5. Aktore publiko eta pribatuen arteko kooperazioa. Badago beste kooperazio-maila edo -estadio bat ere, sistema asko sendotzen duena: publikoaren eta pribatuaren arteko kooperazioa.

Hiru aktore ekonomiko daude: sektore publikoa, sektore pribatu irabazi asmoduna eta pribatu soziala; azken honi hirugarren sektorea esaten zaio. Maiz pentsatu ohi dira erlazioak konkurrentzia-terminoetan edo, behintzat, kooperazioak eta kolaboraziozko parte-hartzeak eskaintzen dituen posibilitate guztiak ez dira aprobetxatzen. Kooperazio Ekonomiaren ikuspegitik, ordea, posible da erlazio emankor aldeaniztuna:

• Administrazio publikoaren eta ekonomiako sektore pribatuaren arteko erlazioa, inbertsio handia eskatzen duten proiektu estrategikoak bultzatzeko; behar dute zientzia eta teknologiaren ekarpena ere, eta, noski, hainbat instituzioren partaidetza.

• Administrazio publikoak eta sektore pribatu sozialaren arteko erlazioa, hainbat kolaborazio-formula diferentetan. Erlazio hori bereziki inportantea da, hiritarren eskubideekin loturik dauden zerbitzuek ase ditzaten.

• Sektore pribatuaren eta pribatu sozialaren arteko erlazioa; gero eta gehiago ikusten den erlazioa, zeren banku edo enpresa jakin batzuek, beren politika sozial arduratsua dela bide, ari dira babesten proiektu sozialen garapena, hirugarren sektoreko aktoreekin batera.

Diseinu eta proiektu estrategikoen definizioa etor daiteke hiru aktore ekonomikoetan edozeinetatik, baina aski erakargarriak izan behar dute, lortu ahal izateko borondaterik onenak mugiaraziko dituztenak. Borondate sakabanatuak elkartu eta helburu konpartituetara bideratzea da egitekoa, horiekin identifikaturik sentitzen diren neurrian. Proiektuan aurkitzen dute hau ere: bide egokia euren potentzial lehiakorra garatzeko, oraindik esploratu ez diren bideetan barrena.

Enpresaren protagonismoa, edo enpresa-taldeena –lotura kooperatiboen bidez batuak–, indartua ikusten da unibertsitate-entitateen eta ikerketakoen, entitate finantzarien eta entitate publikoen inplikazioari esker, eta gizarte zibilaren onarpen eta konpromisoagatik. Mundu ekonomiko sakabanatuan ‘beren kasa’ dabiltzan entitateek, nola ez?, kooperazioan ikusten dute, jausi lehiakorretan barrena, aurrera egiteko posibilitatea, eta garapenaren abangoardian ikusi ere.

Ez dago eredu-tipo jakinik eta proiektu bakoitzak bere kooperazio-diseinu propioa eskatzen du; dena den, badira adibide partzialak, txit adigarriak, gure Herrialdearen historian. Aintzat hartu beharreko proiektu estrategikoak: auto-nahikotasun energetikoa lortu berriztagarrien bitartez edo langabezia estrukturala errotik eten, baliabide gutxietsien bidez; horrek esan nahiko luke esfortzu ugariren mobilizazioa, eta bultzada inportantea emango lioke lehiakortasunari.

Enpresa-mundutik eta hirugarren sektoretik ere bai, etor litezke ideia estrategiko dezente, orain geldi daudenak, garatzeko marko egokiaren faltan. Kooperazio publiko-pribatuak bide asko irekitzen dizkio garapen-eredu berriari. Eredu berriak lantzean gizartea mobilizatzea proiektu estrategikoak garatzeko, horixe izango litzateke Kooperazio Ekonomiako bektore honen helburua.

Bestalde, mundu aldakor honetan –non globalizazioaren ondorioak oraindik erabat deskubritzeke dauden–, gizadi osoaren erronka globalei (berotze globala, populazioaren hazkundea, migrazio-korronteak…) zera erantsi behar zaio: ongizatearen jasangarritasunaren erronka, mendebaldeko herrialdeetan. Testuinguru horretan, subsidiaritate-printzipioaren aplikazioa konkreta daiteke ekimen berrietan; Administrazio Publikoei, duten erronka handiari aurre egiten lagunduko dieten ekimenak. Gogor daukate saiatu beharra, etorkizuneko eske sozialei aurre egingo badiete.

5.6. Kooperazioa eskala globalean. Nazioarteko dimentsioa. Kooperazio Ekonomia ez litzateke geratuko konpleto, daukan nazioarteko dimentsioari heldu gabe. Jarduera ekonomikoaren transferentzia herrien artean, errealitate bizia eta goraka doana da, eta enpresek gehitu egiten dute beren gaitasun lehiakorra praktika horren bitartez.

Enpresako jarduera batetik bestera aldatzen bada, etekin ekonomikoari begiratuta bakarrik, urradura ikaragarria da jatorriko erregioaren ekonomiarentzat; aldi berean, espekulazioak agintzen du kokatu den tokiko komunitateetan. Jarduera ekonomikoaren transferentzia ez dago ikusterik erreperkusio sozialak eta ingurumenarekikoak kontuan hartu gabe.

Bestalde, praktika horri esker lorpen inportanteak egin dira herrialde eta erregioetan, eta aurrerabide-esperantza handia eman die inolako edo oinarrizko garapen-biderik ez zuten zona askori. Aberastasun globalaren banaketari laguntzen ari da; laguntzen, baita ere, diferentzia ikaragarri horiek orekatzen. Ezinbestekoa da nazioartekotzea bide arrazionaletik eramatea, garapen faktore izan dadin partaideen artean.

Jatorriko komunitateek ikus dezakete hautabide hori abagune lehiakor moduan, eta, beren inguruan, balio erantsi handiagora eboluzionatzeko modu gisa. Kanpoan inbertitu, bai, egungo jardueren parte bat hara emanik, hemen produktu berrituak edo gaitasun berriak eskatzen dituzten eraketa-formak garatzen diren bitartean. Praktika horren bidez, beren influentzia gehitzen dute merkatuan eta ongi kokaturik daude abantaila lehiakor propioetan eboluzionatzeko. Kasu horretan, aldatzeko erabakiak ez du suposatzen jarduera ekonomikoa baztertzea, baizik bilakaera koherentea naturarekin eta bokazio komunitarioarekin.

Destinoko komunitateentzat jarduera berriak sostengu indartsua suposatzen du bere garapenerako, baina beharrezkoa da kokapena iraunkorra izatea eta balio izan dezala erregioko bizi ekonomiko eta sozialari bultzada emateko. Garapen ekonomikoak behar sozial berriak sortzen ditu, eta egon behar du koherentzia soziala emango dioten eraketa-sistemez hornitua. Enpresari eskatu behar zaio oinak finka ditzala erregioan, asmo komunitarioekin bat egin dezala, eta erregio horrekiko gizabidean eta aurrerabide sozialean lagun dezala.

Bi komunitateak, jatorrikoa eta destinokoa, jantz daitezke onuraz, kooperazio-prozesuak direla bide. Errealitate eta kultura ezberdinetatik abiaturik –ezen eraketa sozialerako forma espezifikoak hartu dituzten– kooperazioan aurki ditzakete moduak, aurrerabide-ildoari ekiteko. Ezarritako erlazio ekonomikoa osa daiteke hezkuntzako entitate, kulturako eta entitate sozialen partaidetza paraleloaren bitartez. Horrela, asko laguntzen da jatorriko erregioetako entitateak nazioartekotzen, zeinek erakutsi duten efizientzia soziala eta, paraleloki, destinoko komunitateen garapen harmoniatsurako bideak irekitzen dira.

Ekonomiaren nazioartekotzea zubi-buru moduan erabilirik, ireki litezke bideak komunitateen arteko kooperazio-loturak ezartzeko, ezen, efizientzia ekonomikoar, eransten dioten pertsonen konpromisoa, bi aldeentzat onurak sortuz.

6. Konklusioa: sinergiak eta sare sozialak eraikitzen
Proposamen hori ez da pribatiboa. Aurrera egin daiteke, baldin eta, soilik baldin eta, gero eta pertsona eta entitate gehiagorentzat inspiratzailea den neurrian. Arizmendiarrieta Kristau Fundazioaren metodoak, ildo horretan, funtsean izan nahi du sinergien bultzagilea eta sare sozialen eraikitzailea, ‘Kooperazio Ekonomiaren’ proiektua konpartitzen dutenen inguruan. Nahi duguna da proposamenaren indarra oinarritzea aktore eta estrategiak uztartzeko gaitasunean; gaur egun, halabeharrez, proiektu efektiboen inguruan sakabanatuak.


 Xabier Retegi - Carlos García de Andoin

 

Categorías: Kausari buruzko albisteak.

facebook twitter


0 comentarios


Corporación Mondragón Mondragón Unibertsitatea
Arizmendiarrietaren lagunak elkartea Caja Laboral

DON JOSE Mº ARIZMENDIARRIETA
Copyright © 2011. Jose M. Arizmendiarrieta kanonizatzeko kausa.

HOME | BIOGRAFIA | DOKUMENTAZIOA | BLOGA | OTOITZA | HARREMANAK | BULETINAK