
HOME / BLOG, NOTICIAS Y OPINIONES /
Joan den abenduaren 15ean, hamar urte bete ziren Frantzisko Aita Santuak Jose Maria Arizmendiarrieta jauna beneragarri izendatu zuenetik, eta hura hil zenetik berrogeita hamar urte beteko dira aurtengo azaroaren 29an.
Horregatik, bi data horien artean ospatu nahi dugu Arizmendiarrietaren Urtea. Enpresa Humanistaren urtea izendatu duguna, omenaldia egiteko zalantzarik gabe XX. mendeko euskaldunik nabarmenetako bat izan den hari. Eta haren pentsamendua eta jarrera fidelki islatuz egin nahi diogu omenaldia.
Gogorarazi behar da, ildo horretan, zendu baino egun batzuk lehenago Álvaro Rengifo, garai hartako Lan ministroa, izan zela harekin. Bisita laburra izan zen, gaixoaren nekeagatik. Arizmendiarrietak, argi eta garbi hunkituta zegoen ministroa agurtzeko, hau adierazi zuen: “Álvaro: atzera begiratzea Jainkoa iraintzea da. Aurrera begiratu behar da beti”. Esaldi horrek agerian jartzen du XX. mendeko euskal mugimendu kooperatiboaren lider eztabaidaezinaren bereizgarrietako bat.
Aurten, bestalde, aukera izango dugu haren balioak gure kultura sozialean aplikatzeko, kontuan hartuta haren helburuak enpresatik harago zihoazela, eta “gizartea eraldatzeko enpresa eraldatzea” xede zutela.
Hori aintzat hartze aldera, haren esaldi gogokoenetako bat nabarmendu nahi dugu, gida modura hartzeko: “Beti dago emateko beste pauso bat”, iraganerako begirada orok (agian saihestezina) etorkizunerako ekintza-proposamen bat ekar dezan berekin.
Oinarrizko erreferentzia gisa, gogora dezagun Arizmendiarrieta Markinako auzo bateko baserri batean hazi zela eta, beraz, euskal kultura tradizionalaren sinesmen eta balioetan hezia zela. Apaiza izan zen, eta garai hartako 400.000 apaiz katolikoenaren antzeko prestakuntza izan zuen. Ildo horretan, haren ideiak ez ziren batere originalak,
Elizaren humanismo kristauarekin eta Irakasbide Sozialaren printzipio eta balioekin bat baitzetozen. Aldiz, haren talentua balio horiek errealitatean aplikatzeko zuen gaitasun izugarria zen. Helburu argia zuen: bere garaiko pertsonen eta familien arazoak konpontzen laguntzea, orduan ohikoak ziren jarrera ideologikoak gaindituz. “Ideiek bereizi egiten dute, premiek, berriz, elkartu”, esaten zuen behin eta berriz, logikoak ziren desadostasun ideologikoen gainetik guztion lankidetza lortzeko beharra azpimarratzeko.
Eta hori ikasgai garrantzitsua da gaur egun. Izan ere, nazioarteko ikerketa batzuen arabera, gizarte-kohesioa eta lankidetza funtsezkoak izango dira komunitateek beren nortasunarekin bizirauteko, aurrez aurre dugun mundu zail honetan.
Haren pragmatismoari esker (“Ideala da ahal dugun ongia egitea, ez amesten duguna”), arazoak elkarlanean konpontzen zituen, erabat baztertzen zituen ele-meheak eta ekintza baloratzen zuen, ez diskurtsoa: “Formulazio ederrak egin baina ekintzekin berretsi ezin dituzten gizonek ez digute balio”. “Triunfalismo gutxiago eta errealismo gehiago; ele-mehe gutxiago eta ekintza gehiago; profeta gutxiago eta hitzeko gizon gehiago; sinesbera gutxiago eta praktiko gehiago. Ideia onak dira egintza bilakatzen direnak”. Hausnarketa horiek oso baliagarriak dira gaur egun ere…
Eta beti azpimarratzen zuen ahaleginaren, sakrifizioaren eta lanaren balioa, familia-esperientzia soila izan zuelako, zalantzarik gabe: “Gure artean, gehien onartu eta miretsi den noblezia-titulua lanarena izan da”. Aitzitik, lanik ez egitea kritikatzen zuen: “Kooperatibista batzuk berbazale dira, eta beste batzuk, berriz, lanzale”.
Helburuak lortzeko gogo bizia, autoexijentzia zorrotza eta autokonplazentziaren arbuio irmoa agertzen zituen: “Enpresa moderno bateko arduradunen artean, gogobetetasuna morfina arriskutsua da”, eta “litekeena da emaitza askoren kaskarkeriaren jatorria gure proiektuen moztasuna baino ez izatea”.
Beti izan zuen komunitatearentzako zerbitzua buruan, baina inoiz ez zuen zentzu murriztaile batean interpretatu: “Mugimendu kooperatiboa oso konprometituta dago komunitateko lanarekin, baina ez da eremu jakin batean hasi eta amaitzen”. “Oso pobrea litzateke munduak kooperatibismoari buruz izango lukeen ideia, ongizate maila handiagoa duten beste gutxiengo batzuk sortzeko soilik balioko balu”.
Horrek, zalantzarik gabe, gaur egungo formula juridiko kooperatiboetatik harago doazen ordezko aukerak bilatzera bultzatzen gaitu enpresen arloan: “Printzipio kooperatiboak egoeretara egokitutako formula praktiko bideragarri bihurtu behar dira: modu zurrunago batean interpretatzen dituenak oso zerbitzu txarra emango dio benetako Lankidetzari”.
Eta haren jardunak, beti, edozein kasutan, koherentzia zorrotza zuen printzipio moralekin, esaldi honetan argi eta garbi laburbildu zuen moduan: “Ekitea eta ez irabaztea, sortzea eta ez edukitzea, aurrera egitea eta ez menderatzea”. Hori ulertuta, Arizmendiarrietarentzat loria handiagoa lortze aldera, ez dugu guretzat loria handiagoa bilatu behar.
Aldiz, hark proposatuko zizkigun erronka berrietan jarri behar dugu arreta, haren Enpresa Humanistaren apostolu izaeran inspiratuz horiei aurre egiteko.
Juan Manuel Sinde
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko presidentea eta Laboral Kutxako bazkide laguntzailea.
Categorías:
DON JOSE Mº ARIZMENDIARRIETA
Copyright © 2011. Causa de canonización de Don Jose Mª Arizmendiarrieta.
HOME | BIOGRAFÍA | DOCUMENTACIÓN | BLOG | ORACIÓN | CONTACTO | BOLETINES