Arizmendiarrieta

HOME / BLOGA, ALBISTEAK ETA IRITZIAK /

Sartzeko formularioa

Oraindik erabiltzailea ez bazara,
erregistratu.

Bloga Albisteak eta Iritziak

mai 23

Hiru ikasbide garaiberrietarako (Joxan Rekondo)

 

 

 

Ezin uka birusaren oldarraldiak baraurik harrapatu gaituela. Eta gure mundu modernoaren babesgarri eta segurantzia ia guztiak zalantzan jarri dituela. Mendeetan, aurreak eman ohi dio ziurtasun hori atzeari, nola dantzatu behar duen erakutsiz. Iraganean bizitako esperientziarekin hautsi izanez gero, aterperik gabe ibiliko gara mundu arriskugarri honetan.

 

Oroimena, arriskuaz ohartarazteko sortua zena, garaiko xedeak bereganatzen abailduta ikusten zuen Lertxundi kantariak bere abesti ezagun batean. Orainaldiko premia horiekin gainezka, eraginkortasunik gabeko memoria bilakatu zaigu eta ez digu arriskuez ohartarazi labirintoaren atarian aurkitu garenean. Jende gehiena atsegintasun erosoenean murgilduta atzeman gaitu krisialdia. Dena gure eskura balego bezala jokatu dugu, ez zorrik iraganarekin ezta ardurarik ere etorkizunarekin. Eta autokonplazentzia horren baitan, behar diren jakintza denen jabe omen ginelakoan, arriskurik gabe bizitzea bazegoela sinistuta ginenen okertasuna agerian geratu da.

 

Historia ez da gure belaunaldiarekin hasi, ezta bukatuko ere. Berreskura dezagun gure historiografia luzearen haria. Askok goraipatu izan dute euskal barne-historia, euskal herriek gerren ahalmen mugatuaz jabetuta ere, gure sendotasuna kontaeretan baino gehiago etengabeko ekitean azaldu dugulako. Eta berebat, euskal herrigintza horren ekinkide nagusienak herritar arruntak izan garelako. Gizakiarekiko begiramena eta libertatearen aldekotasun erabatekoa funtsezko balore gisa manten-tzeaz aparte, sen komunitario tinkoa, lurraldeari josia, agertu dugu. Iraganeko esperientzia arrasto hauetan aurki daitezke, beharbada, datorren aldirako ere beharko ditugun irakaspen osasungarrienak.

 

Jakina da gure historian ere baditugula ondo merezitako ospea irabazi duten pertsonaiak, bide batez ekinbide kolektiboa erarik jatorrenean adierazi izan dutenak. Aro berriak eskatuko duen ekintza zabaldu ezin izango denez orientabide moralik gabe, pertsonaia horien arteko hiru aipatu ditzakegu orientatzaile gisa. Hartu ditzagun bada, Joxemiel Barandiaran, Jose Antonio Agirre eta Jose Maria Arizmendiarrieta. Hiruak aro modernoaren kontraesanen bortitzenen erdian jardun izan ziren, baina era berean ezagunak izan ziren gure herriaren genioa adierazten maisuak izan zirelako, eta horren arabera herri-ekimen indartsuak girotzen edo sustatzen lagundu izan zutelako. Hara hemen beraien esaldi hautatuak, bizi dugun garaiko iluntasunean, gure jarduera argitzen lagun diezaguten:

 

1. Joxemiel Barandiaran: "Ez gara gure baitan edozein gauzetarako". Birusak argi utzi du hori bera, giza-bizitzaren gakoak ez daudela guztiz gure eskutan. Barandiaranentzat, hortxe dago gizabidearen funtsa. Hori esaten duenean, bera Jainkoarenganako transzendentziaz ari da. Eta, bere bitartez, hurkoarekiko izan beharreko obligazioez. Badago hau dena esateko modu laikoagorik. Alde batetik, giza-taldekoitasuna eta generazioartekotasuna azpimarratu beharko litzateke. Bakoizka, indibidualki jardutean, zaurgarriak gara. Garaikideen interes hutsari erreparatuz gero, jaio gabe direnen aukera guztiak xahutzeko arriskua daukagu. Daniel Innerarityk bere azken liburuan dio ezin zaiela gure konplexutasun modernoei behar bezala aurre egin adimen kolektiboa erabili gabe eta belaunaldien arteko ikuspegia erakundetu gabe. Bestetik eta haratago, gure baitan ez izateak gogoratu nahi duena da giza generoak ez dituela ahalmen guztiak, horietako asko eskuraezinak dituelako. Izaki humanoaren adimenari probetxurik handiena (bakarka edo kolektiboki) aterata ere, ezagutza eta ahalmen humanoa finitua baita.

 

2. Jose Antonio Agirre: "Eraikuntzaren garaia da, ez dadila euskotar bat bera ere ezer egin gabe geratu, askoz gutxiago kanpokoen balizko laguntzaren zain€ denak gara beharrezkoak, bakoitzak eman dezala bere gaitasunen arabera, lanean ari den lekutik. Jakin dezagun gure historiaren garabidean izandako garaipenik handienak ahalegin ttikien koordinatzetik lortu direla". Hemen, bizitzen ari garen denbora berriaren zeinua. Berreraikuntzarena. Birusaren aurreko eszenario politiko-sozialak zeharo aldatzen duena. Euskal gizartearen aniztasun politikoaren erroak sakonak dira, eta ez dira desagertuko. Iraganeko zauriak ere hortxe daude oraindik, itxi gabe. Baina garai berrietan ubide zentralaren eta bere bi ertzen arteko harremana porotsuagoa izan beharko du, berreraikuntza horri atarramendurik handiena atera nahi bazaio, behinik behin. Ideologien arteko kontentzio-hormak desegitera joko dute, denak prest agertuko balira berreraikuntzaren eginahal horretan parte hartzeko. Lehenengo premia: gizartea eta ekonomia. Seguruenik, eskakizun berriak kontrako pausoan harrapatzen duena, zentralitate berritik aparte geratuko da.

 

3. Joxemaria Arizmendiarrieta: Bizi eta Iraun egin behar zela zioen Arizmendiarrietak. Iraute hutsa pobrea litzateke. "Bizitasunaren ezaugarria ez baita iraute hutsa, gure burua birsortzeko eta egoki-tzeko ahalmena baizik". Eta hori lortzeko, kexak ez duela gehiegi balio. Horregatik, "lanturik ez, ekintza baizik", errepikatzen zuen apaiz markinarrak. Kanpoko laguntzarik gabe eta "inoren baimenik gabe egin genezakeguzan egingoak ez dira gitxi". Eskukotasun ekintzaile hori, premia orokorrei erantzuteko zenean oso ekintza bateratzailea zela frogatu zuen ederki asko. Horrexegatik, ideologien laino banatzaileak alde batera utzi, eta behar eta egarrien inguruan biltzera deitu zuen.

Hiru pertsonaia horiek aholkatutakoarekin garai hauetarako behar dugun diskurtsoa eta bide-orririk emankorrena osa genezake. Potentzialitate guztiak mugiarazteko garaia da, sektore publikoari so ari bagara ere, guztiok daukagu zeregina. Gure ohiko estilora, etxeetako bizigarritasunetik hasita, auzo sareen indarberritzeekin jarraituz, eta lanaren finkotasuna desafio bezala hartuz. Atzo gaur bezalaxe, horiek baitira giza-bizitza eta elkar-bizitza duinaren adierazgarririk behinenak. Birus-aldi honetatik gu guztiok etxerako, auzorako, elkarlanerako prestatuago atera gaitezen.

Categorías: Hartutako mesedeak eta Arizmendiarrietari buruzko iritziak, Kausari buruzko albisteak.

facebook twitter


0 comentarios


Arizmendiarrieta Fundazioa - Fundación Arizmendiarrieta

DON JOSE Mº ARIZMENDIARRIETA
Copyright © 2011. Jose M. Arizmendiarrieta kanonizatzeko kausa.

HOME | BIOGRAFIA | DOKUMENTAZIOA | BLOGA | OTOITZA | HARREMANAK | BULETINAK